Azken boladan konturatu naiz inguruko pertsonek ez zituztela feedak edo RSSak ezagutzen. Informatuta egoteko oso tresna interesgarria delakoan, hemen hobeto azaltzen dizuet zer diren, zertarako balio duten eta nola erabil ditzakegun.

Zer da RSS?

Ingelesezko siglak: “Rich Site Summary” edo “Really Simple Syndication”  lirateke eta Wikipediaren arabera, “RSS XMLren familiako fitxategi formatu bat da, sarritan eguneratzen diren albisteen webgune eta blogentzako bereziki prestatua dagoena. Honi esker informazioa elkarbanatu eta beste webgune batzuetan erabiltzea posible da". Praktikan, web helbide batzuk dira, “http:// orriaren helbidea / feed” itxura izan ohi dutenak, eta ikusten duzuenez, feeds ere deitzen zaie. Adibidez, nire bloga https://izaroblog.com/feed/ da, eta nabigatzailean jartzen baduzue, blogeko sarrera guztiak agertuko zaizkizue. RSS horiek are definituago egon daitezke; komunikabide handietan RSS berezi bat aurki dezakezue kiroletarako, beste bat politikarako, beste bat iruzkinetarako eta abar.

Ondo da, badakigu zer den feed edo RSS, baina ez dirudi gauza handirik, ezta?
Hemen sartzen dira RSS jario irakurleak. Oso sinpleak edo konplexuagoak izan daitezkeen programa txikiak dira, eta RSS asko gehitzeko eta sailkatzeko balio dutenak.
Demagun lurralde jakin bateko egunkarietako albisteak ezagutu nahi ditugula ikerketa baterako. Bada, egunkari bakoitzaren web orrira joango gara, eskualdeko egunkarietako RSSak bilatuko ditugu, gure irakurleari erantsiko dizkiogu, eta argitaratu bezain laster nahi ditugun egunkari guztien albisteak ikusi ahal izango ditugu, egunkarietako webguneetan egunero sartu eta bilatzen ibili gabe.
Gure podcast gogokoenaren azken saioa atera bezain pronto entzun nahi dugula? Bada, gauza bera, gehitu egingo dugu, eta sinkronizatze hutsarekin, RSS irakurgailuak zerbait berririk dagoen esango digu.

Liferea

Liferea irakurlea

Bale, ideia ona iruditzen zait… baina non daude ditxosozko RSS horiek?
Lehenespenez, CMS guztietan aurki daitezke, edo edozein motatako web-kudeatzaileetan; hau da, Interneteko orri guztiek izaten dute. Estilo honetako ikonoa da:

Bertan klik eginez, helbidea agertzen da eta gure irakurleari gehitu besterik ez da egin behar. Ikonoa ikusten ez baduzue (gero ikusiko dugu zergatik…), ez da zaila haiek aurkitzea. Hona hemen #Fedibertsoko kideek partekatutako trikimailu batzuk:

  • Erabili http://fivefilters.org/ gisako tresnak horiek sortzeko
  • http : // helbidea / feed idatzi besterik ez du egiten!
  • Awesome RSS osagarria ere oso erabilgarria da, nabigatzailean instala daiteke.
  • Beti bila daiteke eskuz. Orriaren iturburu-kodeari begiratu eta “rss”, “xml” edo “atom” hitzak bilatu.

Zer abantaila ditu RSS erabiltzeak?

Klik batean, behar duzun informazio guztia duzu, blogetik blogera, edo egunkaritik egunkarira salto egiten ibili beharrean. Sinkronizatu, eta berri guztiak eskura dituzu!
Albisteak hainbat gailutatik irakur daitezke, telefono mugikorretarako aplikazioak ere badaude. Artikulu zientifikoak bilatzen bazaude hitz gakoen arabera bilatu eta artikuluak jasotzeko aukera ematen dute editorial handiek.
Adibidez, Argiak bere RSS jarioak hemen ditu: https://www.argia.eus/rss , horrela "Internet" kategoriaren barruan dituen artikuluak irakurri nahi badituzu hauxe litzateke helbidea: https://www.argia.eus/internet/rss
Ondizek ere komentatu digu profilak jarraitzeko eta #Fedibertsoa erabiltzen duten pertsonen jakinarazpenak jasotzeko ere balio du. Adibidez, Ondiz-en profila mastodon bidez jarrai dezakezue https://metalhead.club/@ondiz.rss feed-aren bidez eta nire Friendicaren profila hemen: https://libranet.de//feed/izaro/posts.
GNU/Social eta Hubzillarekin ere funtzionatzen du, adibidez!
Sistema unibertsala da, nahi duzun irakurlea aukera dezakezu, eta edonork erabil ditzake RSSak informatuta egoteko. Gainera, feedak erraz esportatzen eta inportatzen dira, .opml fitxategi bat sortzen da, ezer gutxi pisatzen duena, eta nahi duzun lekura eraman ditzakezu!

Zer RSS irakurgailu erabiltzen duzu?

Aukera asko daude, kontsolan oso sinpleak direnak, konplexuagoak eta konfiguragarriak direnak. Artikulu honetan, “the best of” bat aurki dezakezu Linuxentzat; baina batzuk probatzea eta gustukoen duzun horrekin geratzea gomendatzen dizut.
Nik orain Quite RSS eta Liferea erabiltzen ditut ordenagailuan eta NextcloudNews aukeratu dut sakelakoan, sarean sinkronizatzeko aukera ematen duena eta edozein gailutan erabilgarri dagoena.  Thunderbird erabiltzen egon naiz denbora askoan. Fedibertsoko pertsonen artean,  Akgregator, CommaFeed edo TinyTinyRSS erabiltzen dute.
Osoitzek Androiderako euskaraz dauden irakurle libre batzuk ere gomendatzen dizkigu (eskerrik asko!):Flym (F-Droid, GPlay),  Handy News Reader (F-Droid, GPlay) eta spaRSS (F-Droid, GPlay)

Informazio gehigarria:

  • Pribatutasuna maite baduzu, Courier duzu, GuardianProject-ek garatutako RSS irakurgailua. (Eskerrik asko info/home/libertad informazioagatik!)
  • Victorhck handiak egindako [tutoriala ikus dezakezue](https://victorhckinthefreeworld.com/2017/05/09/con-tiny-tiny-rss-crea-tu-propio-servicio de-lector-de-rss/) PI batean instalatutako TinyTinyRSS erabiltzeko
  • Aral Balkan-en artikulua RSSri buruz:[Reclaiming RSS](https://ar.al/2018/06/29/reclaiming-rss/)

Esker ona:
Fediberstoko komunitate osoari, behar duten bakoitzean bere laguntza eskaintzeagatik!,
Azaleko argazkiaPlantabajarena da eta erabili nahi duen edonorentzako librea da.
Mila esker!

Artikulu hau gazteleraz idatzi lehen aldiz  "Aprende a usar RSS" izenpean, Confederac.io-ko lagunentzat eta blogerako euskaratu dut!