Zergatik pasa naiz Mastodonetik Pleromara?
Zergatik pasa naiz Mastodon-etik Pleroma-ra?
Galdera hau luzatu dit Bertol-ek, eta erantzuten hasi orduko konturatu naiz luzeegia egingo zela "tut" batean azaltzeko, beraz sarreratxo bat egitea otu zait!
- Baneraman denbora nire Mastodon instantziatik atera nahirik. Mastodon.social instantzian nuen kontua, mastodon beraren sortzailearen Eugen-n instantzian. Instantzia handi bat da (20.000 erabiltzaile aktibo baino gehiago dituena), eta deszentralizazioari buruzko artikulu bat irakurri eta gero (The Federation Falallacy) ikusi nuen ia erabiltzaile guztiak halako instantzia handietan ginela. Nire diru ekarpen xumea instantzia handi bati baino, txikiago bati ematea nuen buruan, hala Fedibertsoa* osasuntsuago mantentzeko intentzioarekin.
[caption id="" align="aligncenter" width="150"] Mastodonen logoa[/caption]
- Hortan nenbilela "OStatus Vs ActivityPub" afera azaldu zen mahai gainean. Elkarrizketa eta iritzi asko irakurri eta gero, (zurrumurru asko ere badabil hor tartean) eta nik protokolo hauei buruz ezer gutxi dakidalarik ere.... argi gelditu zaidana da hemendik gutxira Mastodon eta GNU/Social-en arteko zubia eten egingo dela. Nik nahiko jende jarraitzen dut GNU/Social-en eta konturatzen nintzen hauen berriak azken aldian Mastodonen ez zirela ondo eguneratzen (ez dakit baten edo besteen arazoa zen, baina Friendica kontuan ondo zebilen dena).
[caption id="" align="aligncenter" width="150"] Pleromaren logoa[/caption]
- Tarteka-k bere Pleroma instantzian sartzeko gonbidapena bota zuen bien bitartean, instantzia txikia baina ondo kudeatutakoa, etxe girokoa esango nuke! Nahiko alderraia naizenez, probatzea erabaki nuen. (Fedibertsoko nahiko herritan egonda naiz jada Diasporan, Hubzillan, Mastodonen eta Friendican kasu). Oso itxura ona du, sakelakotik erabiltzeko aukera (Fedilab, Tusky etab.) eta agian Mastodonek ez dituen aukera guztiak izan ez arren oso azkarra eta sinplea da, bai erabiltzaile zein administratzailearentzat. Behar dituen ezaugarri guztiak dituela esango nuke!
(Markdown ere erabil daiteke ;) )
Hau horrela, ez naiz ni hasiko zein den hobea edo okerragoa esaten. Fedibertsoak duen gauza onena bakoitzak nahi duen lekutik beste guztiak jarraitzeko aukera dugula da, beraz... norberak erabaki dezala non bizi, eta norekin eduki harremanak!
*Fedibertsoaren mapa polit bat aurki dezakezue: https://fediverse.gitlab.io/
[caption id="" align="aligncenter" width="150"] Fedibertsoaren logoa[/caption]