Giro euskalduna
Auzoko plazan, haurrak jolasean. Bere garaian, ikastola berean ikasitako ezagun bat hurbiltzen zait, berriketan hasten gara. Euskaraz. Gure haurrekin bezala. Giro euskaldunean. Gure alaba eskola publikora daramagu, eta ezaguna, datorren urteari begira, bere semea non sartu pentsatzen ari da. Galdera mordoxka egin eta gero, bere iritzia emateko aukera ere badu.
- Giro euskaldunik ba al dago?, beno, zuek bezalakoak badira beste gurasoak ere, pentsatuko nuke bertan sartzea.
Nik momentuan ez nion garrantzirik eman esandakoari, eta gu bezalakoak, hau da euskaldunak zirenak baginela, baina baita ere beste lurraldeetako jatorria zutenak ere, batzuk euskara ikasten eta beste batzuk ez.
Elkarrizketa eten zen, nire alaba deika zegoen eta, horrelakoak izan ohi dira parkeetako elkarrizketak, erdizka geratzen direnetakoak.
Alaba lepoan zintzilik, etxera bueltan nintzela, berriz etorri zitzaidan burura esandakoa…. Giro euskalduna, zuek bezalakoak, buruan jo eta jo nituen….
Zer zuen guraso horrek buruan? Gu bezalakoak balira denak, euskaldun, (fededun??) orduan bai, bere estandarra beteko luke eskolak? Baina… ez balitz horrela, eta gazteleraz, arabiarrez, edo frantsesez hitz egiten duen jendea balego? Orduan zer? Agian ez litzateke nahikoa izango bere semearentzat?
Giro euskalduna adierazpenak, zer du atzean? Zikindu ezin daitekeen zerbait. Purutasuna, jatortasuna, burbuila bat, elitismoa apika?
Giro euskalduna sortu beharrekoa da, haren alde egin, erein, borrokatu. Eta giro horretan, euskaldun zahar, euskaldun berri, euskaraz ikasten ari diren, eta euskaraz ez dakitenak ere sartzen dira. Nik hala ikusten dut behintzat. Giroa sortu, bizi mantendu egin behar da. Ez da aukeratzen den zerbait. Hori da nire ikuspuntua behintzat.
On egin eta Zaindu maite duzun hori, mila esker Ruper.
Kantu leunak
Nahi nituzke jarri.
Eguzkia
Ainubian denari.
Zaindu maite duzun hori.
Zaindu gorroto duzun hori.