Rol jokoak zergatik ez euskaraz?

Orain dela 26 urte, Iñaki eta biok argitaratu diguten lehen eta azken iritzi artikulua sinatu genuen galdera horrekin. Auzoka aldizkarian idatzi genuela bagenekien, baina egongo ote zen alerik eskuragarri?

Orduan zortzigarren mailan geunden, eta euskarako irakasleak xaxaturik idatzi genuela ziur nago. Hala ere egiten genuen galderak egunerokotasun handia zuen.
Rol-eko jokoak zergatik ez euskaraz?
Garai hartan jada jabetuak ginen euskaraz bizitzea ez zela hain erraza! Genituen erreferentzia guztiak gazteleraz eta ingelesez genituen (Heroquest, El señor de los anillos, Warhammer…) eta beraz jokatzeko gaztelera erabiltzea izaten zen arruntena.

Artikuluaren bila nenbilela Donostia Euskaraz-eko langile jatorrekin egin nuen topo, eta haien egoitzara joanda di-da aurkitu nuen bilatzen nuen Auzoka!

Auzoka

Eta artikulua… uste baino motzagoa izan arren, hantxe zegoen! Beste “Eritzi-meritziak” idazkien artean!

rolekoartikulua

Urte dexente pasa eta gero, azkenik 2019an izan genuen euskal lehen RPGa eskura, Atopia RPG hain zuzen.

atopiaprg

Aurten berriz, badirudi Eneko Azedo eta bere taldeak Adur Euskal erdi aro mitologikoan girotutako rol jokoa aurrera eramateko babesa lortu duela, eta bigarrengoa izango genuke eskuragarri.

adur

Badirudi euskal rol jokalariak gora egin dutela, eta rol jokoak euskaraz izateak garrantzi handia duela iruditzen zait! Mila esker imaginazio eta lan handi hori rola maite dugun euskaldunei helarazteagatik… eta espero dezagun etorkizunean oraindik ere joko gehiago sortzea!

Denbora pasa da, baina idatzitako iritzi artikulua zaharkitua geratzeak ilusio handi egin digu! ;)

Rolean euskaraz egin, ikasi eta gozatu nahi baduzu, badago Rolariak izeneko Telegram talde bat ere, bertan egongo gara zure zain! ;)

Iñaki eta Izaro