Pape Niang. Hasiera berri bat

Zer da Elegose irakurle taldea?

  • Fedibertsoan elkartzen den irakurketa talde irekia.
  • Hilero euskarazko liburu bat hautatu, irakurri eta komentatzen dugu.

Zer da gustatu zaidana?

"Inor ez da ilegala" proiektua bera izugarri gustatu zait, Argia egiten ari den lana goraipatzekoa da eta Wolofera itzultzeko intentzioa izateak ilusio handia egin dit, liburua erostearekin bat proiektuan lagundu dudala jakiteak asko poztu nau!
Liburu berari begira, Pape Niangen, ikuspuntua hartzea istorioa kontatzeko asko gustatu zait. Normalean hirugarren pertsonan izaten da, eta inoiz gutxitan lortzen dugu barneko ikuspuntua, gaia jorratzeko modua oso egokia iruditu zait. Istorioaren bukaera/hasiera ere beharrezkoa dugu gaur egun, ondo edo behintzat itxaropentsu bukatzen dena, gizakien arteko elkarte eta laguntzak sor ditzaketen etorkizun berriak azaleratuz.
Emakumeen ikuspuntua falta zela nabari nuen, baina bukaera aldean, hauen testigantza jasotzeko aukera egon da, azken momentuan bada ere eskertzen da! Hurrengorako emakume migratzaileen istorioak idaztea izango al da helburua? ;)
Hasierako mapa , oso errekurtso polita eta beharrezkoa iruditu zait, askotan Afrikaz hitz egitean ez baitakigu non, nola eta zenbaterainokoak izan daitezkeen Europaraino iristeko egin beharreko bidaiak. Mapatxo horrekin oso argi ikusten da, autobus bidaiak zenbaterainoko luzera izan dezaketen, adibidez.
Bukaerako baliabideen gida erabilgarria eta aukera askorekin, lan bikaina!
Beste lagun asko bezala gertatu zaien bezala, Pape Niangek uzten digun azkenetako hitzek barruan gordetzen duten indar eta duintasunak hunkitu egin nau:

Dena den, uneotan gauza bakarra dut garbi: noizbait Senegalera itzuliko naiz, nire herrialdera eta ez naiz Euskal Herrira bueltatuko. Han geratuko naiz. Nire lurraldean. Eta hantxe hilko naiz.

Irakurketa errazeko liburua, adibidez ikastetxeetan migrazioari buruzko gaiak jorratzeko oso aproposa izan daitekeena.

Zer da gustatu ez zaidana?

Literatura aldetik esan beharra dut oso era irakurterraz eta hitz sinpleetan idatzita dagoela, agian hala nahi izan dutelako egileek, baina niri agian lanketa pixka bat gehiago, literatura pixka bat gehiago behar zuela iruditu zait. Kazetaritza lan ona da, baina batzuetan txosten edo elkarrizketa soiletik haratago joatea falta zaiola uste dut. Momentu gogor, eta hunkigarriak askotan gainetik edo garrantzi gehiegirik gabe igaro dira liburuaren orri artean, eta ulergarria bada ere Papek garrantzirik eman nahi ez izana, agian sakontzea merezi zuten; bidaien eta egoeren krudeltasun erreala azaleratzeko.

Beste irakurleen kritikak irakurtzeko, jarrai ezazu #Hasieraberribat traola!
https://mastodon.eus/tags/Hasieraberribat